XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

INKAURREKO HISTORIA.

Ertamerikako kulturen garai beretsuetan.

Hego Ameriketan ere kultura eta zibilizazio ederrak garatu ziren, baita inkaurreko mendeetan ere.

Kronikari espainolek haietaz ezer gutxi esan bazuten ere, ugariak izan ziren inkaurreko kulturak, Andeetan eta Peru-ko kostaldean.

Hain zuzen, historiaurre horixe da lnken zibilizazioari aurretik jarri zitzaion oinarria.

Gaur egun Peru-Boliviek hartzen dituzte lurraldeetan bizpahiru alde geografiko berezi beharko lirateke: kostalde luze eta mortua, Ekuador-tik kasik Txileraino doana; kosta-ondotik barnerantz doazen Andeetako bailara handiak, eta Andeetako lehenengo eta bigarren lerro-katearen tartean dagoen goilautada (altiplano).

Kulturaldi eta inperialismoak hiru eskualde hauetan ezagutu ziren.

Aldi berean edo elkarri txanda hartuz, herri eta lurralde ezberdinek kultura aberatsak sortu zituzten.

Ezin gaitezke historiaurre osoa laburbiltzen hasi, baina gogora ditzagun une eta leku batzuk.

Ezagutzen dugun lehenengo kultura bateratu hiritarra Chavin hiriaren inguruan zabaltzen da, ipar Andeetan (K.a. I. milakadan).

Artoaren ekonomia zuen zibilizazio honek; eraikuntza handiak jaso zituen eta irudiz hornitutako monolitoak.

Nahiko hedakuntza zabala izan zuen eta aipatu ditugun lurraldeek batasun bat lortu zuten orduan.

Mende batzuren buruan batasun hori hautsi egin zen (K.o. I.an edo), eta tokian tokiko kulturgune sakabanatuak jaio ziren: Nazka, Recuay, Motxika, etab.

Bienbitartean Tiwanaku-n, goi-lautadan, esanahi historiko handia izango duen kulturgunea garatzen ari da, gaur egun ere historilarientzat misterioz betetako kultura.

Loraldirik bikainena lortu zuen Tiwanaku-k eta Wari hiriaren bidez ere bai lortutako zabalkundeari esker kultur batasun berria egiten da (K.o. 1000-1100).

Aimara indiarren lorpenik ederrena izan zen hau.

Ordurarte ezagututako kultur batasunik zabalena zen, baina ez zuen iraun ahal izan eta berriz ere hirurehun bat urtetan eskualdetan zatikatuko da Peru-Bolivialdea.

Hala ere, izan zen batasun kultur-politikoa egiten ahalegindu zen herririk: Inkaurreko azken inperio handia Tximu herriarena izan zen (1200-1470), Ekuador-mugatik beharbada Limaraino iristen zena.

Elkarren ondoan eta lehian mendez mende jasotako eskarmentuaren gain eraiki zen Inken Inperioa, baina, Pizarro Peru-ra iristean, oraindik gaztea zen Tahuantinsuyu.